Koklea-Inplanteak eta Garun-Enborrekoak

Zer da koklea-inplantea?

Koklea-inplanteak entzumen funtzio arruntak berregitea du helburu. Soinu informazioa seinale elektriko bihurtzen du eta zuzenean bidaltzen dio entzumen-nerbioari, garunak soinu bezala har dezan.
Koklea-inplantea gailu elektronikoa da, gortasun sakona dutenei laguntzeko diseinatutakoa, bestelako baliabide teknikoekin hobekuntzarik nabaritzen ez dutelako.

Nola funtzionatzen du koklea-inplanteak?

  1. Kanpo-mintzamen prozesadorea: Soinua jaso eta seinale digital bihurtzen du.
  2. Seinale digitalak: Prozesadoreak barne-inplantera bidaltzen ditu.
  3. Elektrodo sorta: Barne-inplanteak seinaleak energia elektriko bihurtzen ditu eta koklea barruan dagoen elektrodo sortara bidaltzen ditu.
  4. Entzumen nerbioa: Seinalea jaso eta burmuinean dauden entzumen-guneetara bidaltzen du.

Koklea-inplantea transduktore bat da, seinale akustikoak seinale elektriko bihurtzen dituena, entzumen-nerbioa estimulatzeko. Seinale elektriko hauek koklea-inplantea osatzen duten atal ezberdinen bidez prozesatzen dira. Atal horiek kanpokoak edo barrukoak dira:

  • Kanpokoak: Mikrofonoa: Soinuak jasotzen ditu eta gero prozesadorera doaz. Prozesadorea: Lengoaia ulertzeko erabilgarrienak diren soinuak aukeratu eta kodifikatzen ditu. Transmisorea: Kodifikatutako soinuak bidaltzen ditu errezeptorera.
  • Barrukoak: Errezeptorea-estimulagailua: mastoide hezurrean inplantatzen da, belarri-pabiloiaren atzean. Seinale elektrikoak elektrodoetara bidaltzen ditu. Elektrodoak: Koklearen barruan sartzen dira eta oraindik funtzionatzen duten nerbio zelulak estimulatzen ditu. Estimulu hauek entzumen-nerbioaren bidez igarotzen dira garunera, honek soinu bezala antzematen ditu eta “entzutearen” sentsazioa lortzen da.

Bi atal hauek, kanpokoa eta barrukoa, kable eta iman baten bidez lotzen dira.

Koklea-inplantearen onurak

Koklea-inplantearen bidez, gorrak lortu dezake:

  • Ingurune-soinuak entzutea.
  • Lengoaia entzun eta ulertzea.
  • Hondo-zaratarekin ere entzutea.

Horretaz gain:

  • Erabiltzailearen hizkera hobetzen laguntzen du.
  • Erabiltzaileak telefono bidezko solasaldi interaktiboak izan ditzake.

Koklea-inplanteak egiteko irizpide orokorrak

Koklea-inplantea jarri ahal izateko honako baldintza hauek bete behar dira (ikerketen eta emaitzen arabera aldatu egiten dira):

  • Aldebiko gorreria neurosentsorial sakona edo erabatekoa.
  • Ohiko protesia erabiltzeko ezintasuna.
  • Pazienteak ziur egon behar du koklea-inplanteak ekarriko dion entzumen-hobekuntzak onura soziala eta pertsonala emango diola.

Betekizun hoietaz gain, inplantea jartzeko asmoa duen pertsonak argi izan behar ditu jarraitu beharreko urratsak:

  • Inplantea ezartzeko motibazioak handia izan behar du.
  • Medikuaren preskripzioa ezinbestekoa da.
  • Kirurgia.
  • Koklea-inplantearen programazioa.
  • Errehabilitazioa. Funtsezkoa da entzumen-sistema honi etekin handiena ateratzeko

Zer da garun-enborreko inplantea?

Garun-enborreko inplantea aproposa da hainbat arrazoirengatik entzumen-nerbioan lesioa duten pertsonentzako. Sistema hau diseinatu da koklea-nukleoak zuzenean estimulatzeko eta modu horretan entzumen-sentsazioa ahalbidetzeko.

Inplante mota honen kontzeptua koklea-inplantearen antzerakoa da oso. Funtsean, ezberdintasuna elektrodoen diseinuan eta teknika kirurgikoan datza, koklea-nukleoak dituztelako jomuga, eta ez koklearen eskala tinpanikoa.

Ebakuntzan elektrodoak entzumen-nukleoetan txertatzen dira, entzefaloaren enborrean, hain zuzen ere. Horrela jarraitutasun zubi bat berrezartzen da entzumen-bidearen eta garunaren artean pultsu elektrikoa igarotzeko eta estimulua interpretatu ahal izateko.

Nola funtzionatzen du inplanteak?

Soinua mikrofonora heltzen denean (1), prozesadoreak inpultsu elektrikoetan (2) kodifikatu egiten du. Bobinak seinaleak bidaltzen ditu barne-errezeptorera (3) eta elektrodoek seinaleak bidaltzen ditu koklea-nukleoetara (4). Azkenik, garunak seinaleak jaso eta benetako soinuak bailiran interpretatzen ditu (5).

Koklea-inplanteetan emaitzarik onenak postlokutiboetan lortzen dira (beraien gorreria lengoaia ikasi ondoren izan denean) eta ume prelokutiboetan (beraien gorreria jaiotzez edo bizitzako lehen urteetan izan denean) 3 urte bete arte.