Laguntza Teknikoak
Audifonoak
Otorrinolaringologoak (ORL aurrerantzean) entzumen protesiak (audifonoak edo koklea-inplantea) erabili behar direla erabakitzea eta protesia ondo egokitzea lehen urratsa da, funtsezkoa, ume gorraren gaitze prozesuan.
Zer da audifono bat?
Audifonoa entzumen-urritasuna duten pertsonen entzumena hobetzeko, zuzentzeko edota birgaitzeko gailu aktiboa da, duten pertzeptzio eta tolerantzia gaitasunaren araberako egokitzapen zehatz eta egokia egiteko. (Gelis, 1993)
Audifonoari txertatu zaion teknologiaren arabera, soinu kalitatea, lortzen den ulergarritasun maila eta erabiltzailearen erosotasuna desberdinak izango dira.
Gaur egun, teknologia digitalak ezaugarri eta kalitate handiko audifonoak garatzea ahalbidetu du: irabaziaren kontrol automatikoa, seinalea prozesatzeko kanal ugari, hizketa nabarmentzeko logaritmoak, feedback-en aurkako kudeatzaileak, bertatik bertako audiometriak egokitzapenean doitasun handia lortzeko, mikrofono direkzional egokitzaileen sistemak, eta abar.
Ezaugarri guzti hauek ez dute estetika baztertzen: CIC audifonoak, entzunbidean kokaturik eta ia ikusezinak; diskrezio handiko modelo intrakanalak eta tamaina txikiko retroaurikularrak.
Nola funtzionatzen du audifono batek?
Erraz esanda, audifono batek soinuaren edo presio akustikoaren aldaketak jasotzen ditu sarrera-transduktore (mikrofono) baten bidez, seinalea aldatzen da mikrofonoaren ahalmen teknikoaren arabera eta horren ostean irteera-transduktore (aurikular) batek jasotzen du, seinalea presio akustikoaren aldaketa bihurtzeko. Gero, soinua kanpo-entzunbidera (CAE) bidaltzen da egokigailu anatomiko (molde) baten bidez.
Entzumen laguntza retroaurikularra:
- Ukondoa: Aurikularretik datorren soinua eramaten du molderaino.
- Mikrofonoa: Ingurutik datozen soinuak jasotzen ditu.
- Aurikularrak: Ukondora bidaltzen du handitutako seinalea.
- Zirkuitu integratua: Sarrerako soinua anplifikatzen du.
- Moldea: Belarrian kokatzen da audifonoaren soinua egoki transmititzeko.
Entzumen laguntza intraurikularra:
- 6. Mikrofonoa: Ingurutik datozen soinuak jasotzen ditu.
- Zirkuitu integratua: Sarrera-soinuak anplifikatzen ditu.
- Aurikularrak: Belarrira bidaltzen du handitutako seinalea.
- Kapsula: Neurrira fabrikatzen da erabiltzaile bakoitzarentzat.
- Ezkoaren aurkako filtroa.
Etxebizitzaren egokitzapena
Irisgarritasuna eta segurtasuna ahalbidetzeko laguntza tekniko asko daude entzumen-urritasuna duten pertsonentzat. Hori dela eta, oso garrantzitsua honako faktore hauek kontuan izatea:
- Etxean ikus-eremua zabaltzea.
- Kanpoaldea ikustea eta sarrerak eta irteerak kontrolatzea.
- Entzumena erraztea eta soinu gogaikarriak kentzea.
- Ikus-seinaleak erabiltzea seinale soinudunak bikoizteko.
- Argiztapena hobetzea hobeto komunikatzeko eta oreka mantentzeko.
Jarraian, gehien erabiltzen diren eta pertsona gorrek gehien eskatzen dituzten laguntza teknikoak aipatuko ditugu:
Iratzargailuak
Argidun iratzargailuak
Programatutako orduan gau-mahaiko lanparari konektatzen zaio, argi keinukaria duen alarma bat pizten da eta argitasun aldaketa horrekin pertsona esnatzen da. Eskua hurbiltzea aski da alarma gelditzeko eta minutu batzuen buruan berriz jartzen da martxan. 1,5 volteko pila bi erabiltzen ditu.
Bibrazio iratzargailua
VU-1 gailuak burko azpian jartzen den bibradore bat aktibatzen du aldez aurretik programatutako orduan. Bibrazioak erabiltzailea esnatzen du.
Gorrentzako ukimen-laguntzak
Entzumen arazo sakonak dituztenei laguntzeko ukimen-laguntzak. Ukimen estimulazioa sortzen dute eskumuturretan kokatzen diren bi bibradoreren bidez. Entrenamendu egokiarekin soinuak identifikatu daitezke eta hizketa diskriminatu daiteke.
Gorrentzako telefonoak
Zer da testu telefono bat edo DTS?
• Terminal honek, telefono sarea erabiliz, mezu idatziak bidali eta jaso ditzake.
• Linea telefonikoan konektatu daiteke edo telefonoaren aurikularra akoplagailuan konektatzen da testu komunikazioa abiatzeko. Komunikazioa argidun bisore batez hasten da, teklatuarekin eta display baten bidez; horrela pertsona gorrak mezuak igorri eta jaso ditzake.
• IMSERSOk autonomia-erkidegoekiko hitzarmenak ditu eta, erabiltzaileen elkarteekin elkarlanean, telefonoak hornitzen dituzte erabiltzaileentzako, gizarte etxeetan eta beste zentro batzuetan.
Bideotelefonoa
Teklatu alfanumerikoa eta pantaila duen gailua. Irudiaren eta ahotsaren bidez komunikazioa igorri eta bidali dezake eta testuaren bidez egiteko aukera izango du teknologiak aurrera egin ahala. Oso aproposa da entzumen-urritasuna, ikusmen-urritasuna eta hirugarren adinekoak komunikazioetan erabiltzeko.
Azken belaunaldiko sakelako telefonoak
Telefono-etxe batzuek sakelako modelo berriak merkaturatu dituzte, punta-puntako ezaugarriekin, gorren komunikazioa hobetzeko. Mezuak jasotzeaz gain, teklatu eroso batek fax eta e-posta gisa erabiltzea ahalbidetzen du, bai eta testu-telefonoekin komunikatzea ere. Interneten nabigatzeko aukera ere ematen du.
Faxa
Pertsona gorrek gehien erabiltzen duten euskarrietariko bat da, eta gero eta hedatuago dago. Faxarekin mezu edo dokumentu idatziak bidaltzen dira, baina ez du komunikazio zuzena ahalbidetzen.
Txirrin argiduna
Etxeko sare elektrikora konektatzen da eta norbaitek deitzen duenean argiak piztu eta itzali egiten dira aldizka. Berdin-berdin erabil daiteke telefonoan, labean, mikrouhin-labean eta abarretan, txirrinak jotzen duenean argia piztu dadin. Etxean ez ezik, hoteletan, ikastetxeetan eta lantokietan ere erabiltzen da.
Taula argidunak
Mezuak komunikatzea ahalbidetzen du testu lerro baten bidez. Oso onuragarriak dira Komunikazio Oztopoak ezabatzeko garraiobideetan: trenean, autobusean, metroan eta aireportuetan. Ospitaletan, udaletxeetan eta erakunde publikoetan ere beharrezkoak dira.
Umetxoen negarraren ohartarazle argiduna
Umetxoaren negarraren soinua sekuentzia argidun bihurtzen du txertatua duen bonbilla baten bidez. Edo sekuentzia bibrakor bihurtzen du, atxikita duen bibrazio sistemari esker.
Internet
Internet informazio iturri erraldoia da eta, horretaz gain, lagungarriak diren hainbat zerbitzu eskaintzen ditu, hala nola, posta elektronikoa, eztabaida foroak, txatak, albiste taldeak, bideokonferentziak… Horietako batzuk oso interesgarriak dira entzumen-urritasuna duten pertsonen arteko komunikazio beharrak asetzeko.
Bideo-atezain automatikoa
Bideoa duen atezain automatikoa da. Oso tresna erabilgarria da gorrentzat, bideoak deika dagoen pertsona identifikatzeko aukera ematen dielako. Abisu argidunak osatzen dituen laguntza teknikoa da.